Ús de cookies

Aquest web utilitza 'galetes' per millorar l'experiència de navegació. Si continueu navegant entenem que les accepteu. Més informació


Notícies

Dijous  24.01.2013  02:05

Autor/s: Traducció: Andoni Urtasun Arricaberri

Kataluniako herriaren subiranotasuna eta erabakitze eskubidearen aldeko adierazpena

Traducció en èuscar

Men?ame
 

Sarrera

Kataluniako herriak beren buruaren jabe izateko nahi kolektiboa demokratikoki erakutsi izan du historian zehar, hainbat helbururekin: beren garapenean aurrera egiteko, herritar guztiei aukera berak emateko eta aurrerapena, ongizatea eta aukera berdintasuna hobetzeko, baita beren kultura eta talde nortasuna indartzeko ere.

Kataluniaren autogobernua herri katalanararen eskubide historikoetan oinarritzen da, berezko erakunde zaharretan eta Kataluniako lege tradizionaletan. Kataluniako parlamentarismoak Erdi Aroan du oinarria, Bake eta Tregoa asanbladeetan eta Konterriko Kortean.

XIV. mendean Diputazio Orokorra sortu zen, edo Generalitat-a komunago deituta, eta ordutik autonomia irabazten joan zen, XVI eta XVII. mendeetan Kataluniako Printzerriko gobernua izatera heldu zen arte. 1714ean, Espainiako Oinordetza gerraren baitan, Bartzelona jausi zenean Felipe V.ak Planta Berriko dekretuarekin Kataluniako eskubideak eta autogobernu erakundeak abolitu zituen.

Ibilbide historiko hau bertze lurralde batzuekin partekatu zen, eta honek lotu egin ditu lurraldeok hizkuntza, kultura, gizarte eta ekonomia eremu komunengatik, ezagutzatik elkar indartu eta elkar onartuz.

XX. mende osoan zehar katalanen autogobernu nahia iraunkorra izan da. Kataluniako Mankomunitatearen sorrera 1914an autogobernuaren berreskuratze fasean lehen pausoa izan zen, baina Primo de Riveraren diktadurak eraitsi egin zuen. Espainiako Bigarren Errepublikaren aldarrikaperarekin Kataluniako gobernua eratu zen 1931an Generalitat de Catalunya izenpean, eta Autonomia Estatutu baten babesean.

1939an Generalitatea berriz abolitu zuten, oraingoan 1975eraino diktadura ezarriko zuen Francok. Dikatadurari Kataluniako herriak eta Gobernuak aktiboki egin zion erresistentzia. Askatasunaren aldeko borrokan une gogoangarria da Kataluniako Asanbladaren sorrera 1971ean, behin behineko izaera zuen Generalitataren berreskuratzearen aurrekari, deserrian zen Generalitateko lehendakaria 1977an itzuliz. Transizio demokratikoan, eta 1978ko Espainiako Konstituzioak definitutako eredu autonomistan, Kataluniako herriak erreferendum bidez Kataluniako Autonomia Estatutua onartu zuen 1979ean, eta Kataluniako Parlamenturako lehen hauteskundeak ospatu zituen 1980ean.

Azken urteetan, sakontze demokratikoaren bidetik, Kataluniako indar politikoen eta sozialen gehiengoak marko politiko eta juridikoaren eraldaketa sustatu du. Azkena, Parlamentuak 2005ean hasitako Kataluniako Autonomia Estatut-aren erreforma prozesua. Espainako estatuak jarritako zailtasun eta ezezkoek, euren artean Auzitegi Konstituzionalaren 31/2010 sententzia nabarmenduz, katalan herriak Espainiako Estatuaren barnean dituen nahi kolektiboen garapen demokratikoari ezezko erradikala izateaz gain, autogobernuaren atzerapausorako onarria da; gaur egun atzerakada hau argi ikusten da arlo politikoan, konpetentzialetan, finantzarioan, sozialean, kulturalean eta linguistikoetan.

Modu desberdinez erakutsi izan du Kataluniako herriak Espainiako estatuaren barneko egungo blokeo egoerari aurre egiteko nahia. 2010ko uztaileko manifestazio erraldoia, 'Nazio bat gara, guk erabakitzen dugu' lelopean, eta 2012ko irailaren 11koa, 'Katalunia Europako hurrengo estatua' lelopean, herritarren gaitzespen adierazpenak dira, Kataluniako herriaren erabakienganako errespetu faltagatik.

2012ko irailak 27an, 742/IX ebazpenaren bidez, Kataluniako Parlamentuak, X. legealdiko lehenengo sesioan bilduta, azken hauteskundeetan demokratikoki adierazitako Kataluniako herritarren nahiaren ordezkaritzan, ondorengo burujabetza adierazpena eta Kataluniako herriaren erabakitze eskubidea formulatzen du:

Kataluniako herriaren subiranotasunaren eta erabakitze eskubidearen aldeko adierazpena

Kataluniako herriaren gehiengoaren nahiaren adierazpen demokratikoarekin bat, Kataluniako Parlamentuak erabakitze eskubidea gauzatzeko prozesua hastea adosten du, Kataluniako herritarrek euren etorkizun politiko kolektiboa erabaki dezaten hurrengo oinarriekin bat:

-Subiranotasuna. Kataluniako herriak, zilegitasun demokratikoagatik, subjetu politiko eta juridiko subirano izaera du.

-Zilegitasun demokratikoa. Erabakitze eskubidearen ariketaren prozesua erabat demokratikoa izango da, aukera aniztasuna eta elkarren arteko errespetua bermatuz, Kataluniako jendartearen deliberazio eta elkarrizketaren bitartez hartutako erabakia. Erabakitze eskubidearen oinarrizko bermea izango da, herritargoaren gehiengoaren nahiaren adierazpena izan dadin.

-Transparentzia. Tresna guztiak erraztuko dira Kataluniako biztanleria osoak eta gizarte zibilak erabakitze eskubidearen gauzatzeari buruz informazio guztia eta ezagutza zehatza izan dezan, erabakitze eskubidearen prozesuan parte hartzea bultzatzeko.

-Elkarrizketa. Elkarrizketatu eta negoziatu egingo da estatu espainiarrarekin, Europako erakundeekin eta nazioarteko komunitatearekin.

-Kohesio soziala. Kataluniako gizarteak askotan adierazi izan duen kohesio sozial eta territoriala bermatuko da.

-Eurozaletasuna. Europar Batasunaren sorrera-oinarriak defendatu eta bultzatuko dira, bereziki herritarren oinarrizko eskubideak, demokrazia, ongizate estatuarekin konpromisoa, Europako herrien arteko elkartasuna eta apostua aurrerapen ekonomiko, sozial eta kulturalaren alde.

-Legalitatea. Demokraziaren indartzea eta erabakitze eskubidea gauzatzeko lege marko guztiak erabiliko dira.

-Parlamentuaren funtseko zeregina. Parlamentuak, Kataluniako herriaren ordezkaritza erakunde gisa, funtsezko zeregina du prozesu hontan, eta horregatik, oinarri hau bermatuko duten mekanismo eta dinamikak adostu eta zehaztuko ditu.

-Parte hartzea. Kataluniako Parlamentuak eta Generalitateko Gobernuak prozesu guzti honetan parte hartze aktiboa bultzatuko du herri mailako aktoreak eta ahalik eta alderdi politiko gehien, eragile ekonomiko eta sozialak, erakunde kultural eta zibilak eta printzipio hau bermatuko dituzten mekanismoak zehaztu beharko ditu.

Kataluniako Parlamentuak dei egiten du erabakitze eskubidearen gauzatze prozesu demokratiko honettan herritarrak aktibo eta  protagonista izan daitezen.

Parlamentuko Jauregia, 2013ko urtarrilak 23

Men?ame